XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esate baterako, Erving Goffman (1959) eta Herbert Blumer (1962) elkarrekintzazaleek zera azpimarratzen dute: pertsonek ez dietela zuzenean beste pertsonei erantzuten, baizik beste pertsonak direla iruditzen zaienari.

Giza portaeran, errealitatea ez da soilik han kanpoan dagoen zerbait, kale ertzeko posteak eta espaloiak bailiren; errealitatea batak bestea ebaluatzetik eta elkarrekiko sentimendu eta joerak barruntatzen saiatzetik sortzen da pertsonen adimenean.

Norbait adiskide, etsai edo arrotz izatea ez da pertsonaren ezaugarri bat; pertsona hura nik hartaz izaki gisa somatzen dudana da niretzat, neure irizpidea aldatzen ez dudan bitartean behintzat.

Ona ala gaiztoa izatea nik hartaz dudan irizpidearen menpe dago.

Honela, neuk sortzen dut errealitatea pertsona horri buruz neure adimenean, eta gero neuk sortutako errealitate honen aurrean erreakzionatzen dut.

Errealitatearen gizarte eragiketa hau etengabe aurreraka doa pertsonek besteen sentimenduak eta asmoak definitzen dituzten arabera.

Beraz, elkarrekintzan dihardugun pertsonak, nolabait esateko, geure irudimenaren sorkuntza dira.

Bi taldek, langileak eta ugazabak adibidez, batzuek besteekiko iritzi multzo bat finkatzen duten bakoitzean, errealitatearen gizarte eragiketa bilakatu da.

Honelatsu definitzen ditugu egoerak eta dagokigun errealitatearen parte osatzen dute.

Beraz, arau berri bat babesle edo zapaltzailetzat hartzea berau nola definitzen dugunaren arabera izango da.

Honek ez du esan nahi errealitate guztia subjektiboa denik, hau da, adimenaren barruan bakarrik existitzen denik.

Unibertsoan badira noski, objektiboak diren gertakariak.

Eguzkia, ilargia eta izarrak benetakoak dira eta han kanpoan segiko dute erreparatuko dien gizon emakumerik ez egon arren ere.

Gizakiak benetakoak dira; jaio eta hil egiten dira; ondorioak dauzkaten gauzak burutzen dituzte.

Baina gertakari batek ez dauka esanahirik berez.

Gizakiak dira gertakariei eta giza egintzei esanahia ematen dietenak.

Ikuspegi elkarrekintzaile sinbolikoa honetan zentratzen da: pertsonek beste pertsonen egintzetan zer esanahi aurkitzen duten, nola ateratzen dituzten esanahi hauek eta nola erantzuten dieten gainerakoek hauei.

Ikuspegi elkarrekintzaileak asko sakontzen lagundu du nortasunaren garapenean eta giza jokabidean.

Honen erabilgarritasuna murritzagoa izan da talde handi eta gizarte instituzioen azterketan.

Ikuspegi funtzionalista

Ikuspegi honetan gizartea tade sare bat bailitzen begiratzen da, hau da, kideen gehiengoak partekatzen dituen arau eta balio sail baten arabera, era guztiz ordenatuan partehartzen eta diharduen talde sare bat bezala, alegia.

Gizartea sistema iraunkor bat bezala biltzen da orekaranzko joerarekin; hau da, sistema eragile armoniotsu eta orekatu bati eusteko joera dauka.

Ikuspegi funtzionalistan, Talcott Parsons (1937), Kingsley Davis (1937) eta Robert Merton (1957) direlarik beronen ordezkaririk nabarienak, talde edo instituzio bakoitzak funtzio batzuk betetzen ditu eta funtzionala delako irauten du.

Esate baterako, eskolak haurrak hezi, lanerako prestatu, egunaren zati on batean umeak gurasoen eskuetatik kendu eta komunitateari kirol ikuskizunak eskaintzen dizkio, besteak beste.

Portaera arauak funtzionalki onuragarriak direlako sortzen dira.

Muga estatubatuarrean, hotel gutxi zeudelako eta are gutxiago hauek ordain zitzaketen pertsonak, abegikortasun araudi bat garatu zen.

Familia bidaiariak arrotz ongi etorriak ziren inguru hartan bizi ziren kolonoentzat gaua non igaro emateko.

Bidaiariek albisteak ekartzen eta monotonia hausten zuten; anfitrioak afaria eta aterpea ematen zituen.

Muga kolonizatu zenean, ez zen beharrezkoa abegikortasun araudia eta bertan behera utzi zen.

Honela, portaera arauak premiei erantzuteko sortzen dira eta galdu egiten dira premiak aldatzean.

Gizarte aldaketak gizartearen oreka iraunkorra hausten du, baina laster oreka berri bat lortzen da.

Esate baterako, semealaba askoko familiak gutiziatuak izan ziren ia historia guztian zehar.

Heriotze tasak altuak ziren, eta familia handiek bakarren batzuk aurrera ateratzea segurtatzen zuten.

Batez ere gaur Estatu Batuak dauden lekuan, kontinente bat zegoen bete beharra eta lana burutzeko orduan lan eskua inoiz ere ugariegia ez zelarik, semealaba askoko familiak onuragarriak ziren funtzionalki.

Langileak, laguntza eta zaharren segurtasuna ziurtatzen zituzten, eta onak ziren gizabanakoentzat nahiz gizartearentzat.

Gaurregun, mundu superpopulatu batean eta heriotze tasa baxuagoarekin, semealaba askoko familiak ez dira jada inolako bedeinkazioa.

Beste era batera esanda, familia handiek funtzional izateari utzi diote eta gizartearen erosotasuna mehatxatzen dute.

Beraz, gainean dugu beste oreka bat, eta orain heriotze eta jaiotze tasa altuen ordez, heriotze eta jaiotze tasa baxuak izango ditugu.